Eta Machupicchutik Titikaka lakura egin genuen, Peru atzean utzi aurretik. Titikaka laumila metroko garaieran dagoen laku erraldoia da, eta bertan hainbat uharte dago. Guk Peruko bat bisitatzea pentsatu genuen; Taquile uhartea.
Puno hirian itsasontzia hartuz gero, hru dira, batez ere, bisita daitezkeenak; Uros (igerian diren uharteak), Amantany eta Taquile.
Uroseko uharteak bertako biztanleek eraikitako uharteak dira, eta lakuan dira igerian. Euri garaia denean, urak berak ur azalera ekartzen ditu zuntz antzeko landare batzuk, totora izenekoak, sustrai eta lur eta guzti.
Lur hori oso harroa da, aire asko du barruan, eta ez da hondoratzen. Beraiek blokeetan mozten dituzte, totoraz eta sokaz ondo lotu elkarri, eta totora bera gainean ipiniaz zoru homogeneoa lortzen. eta lixto, badute uharte bat! Halako mordoxka bat eraikin dago, eta horietako bakoitzean hiruzpalau familia bizi da, egurra eta zuntzez egindako etxeetan. Ontziak ere landare beraz egiten dituzte, nahiz eta azken boladan plastikozko ur botila hutsak tartekatzen dituzten, ur azalerari eusteko duten gaitasunagatik, esfortzu txikiaz lortzen duten bolumenagatik eta pisu txikiagatik. Ontzi horiek urtebeterako soilik dira, gero zuntz guztia askatu, eta berri bat egin behar.
Uharte hitzaz ezagutzen ditugunetatik, Amantanay da ezagunena. Bai horko eta bai Taquileko biztanleek gauzak egiteko, bizitzeko, era berezia (lehen munduko super-zibilizatuontzat, berezia) dute. Komunitateetan daude banaturik, eta lan asko komunitatean egiten dituzte. Halaber, turismoa uharteetara heldu denetik (1980aren bueltan), berak sortzen dituen diru sarrerak ere era komunitarioan kudeatzen dituzte. Kontua da azken urteetan turoperadore asko sartu dela hona datorren turismoaz dirua egitera, eta Amantany uhartean izorratu egin dutela sistema hori. Orain, Amantanyra joateko, Puno edo Cuzcon bidaia kontratatzen du turistak. Busean sartzen dute, gero itsasontzian, eta Amantanyn bertako baten etxera eramaten dute (han egingo baitu lo). Konpainiak esandako jatetxean bazkalduko du, hurrengo egunean goiz-bueltan eramango dute Taquilera eta martxa berriz Punora. baina turistak 25 solen bueltan (6 euro pasatxo) ordainduko badio turoperadoreari Amantanyn lo egin eta gosaltzeagatik, horrek lauzpabost emango dizkio etxeko jabeari.
Kontua bestelakoa da Taquilen, eta horregatik egin genuen bertara. Taquilen sei komunitate dira, eta guztira 500 bat familia (datu hori apur bat nahastua daukat). Familia horietako batzuk gela batzuk dituzte egokiturik turistak jasotzeko (bestelako lanak ere badira, jatetxea, denda, irakasleak, nekazaritza…). Bestalde, hogei itsasontzi inguru da, bakoitzak Taquildar bat duelarik jabe. Hortaz, hau da funtzionamendua:
Turista, bisitaria edo denadelakoa, Punoko portura hurbildu, eta ontzi horien txartelak saltzen dituzten txarteldegira joanen da (aurrenekoa da, ez da galtzeko arriskurik). Joan-etorriko txartelak 25 sol balio du, eta hamabost eguneko iraungitze data du. Egun horretan Punotik Taquilera egingo duen ontziak (txandakatuz egiten dute hori, egunero ontzi ezberdina egokitzen delarik. Hortaz, ontzi jabe bakoitzak hogei egunean behin egiten du bidea) bisitaria Taquilera eramango du, eta bidean Urosko irla igerilariak bisitatuko ditu. Eta interesgarria da.
Ontzian, kapitainaz gain uharteko beste pertsona pare bat-edo ere izaten da, eta horiek esango diete turistei non egingo duten lo (tira, norbaitek familia konkreturen batenean egin nahi badu, esan eta ez da arazorik. Hori errepikatzaileekin gertatzen da usu). Ontzi bakoitzean, normalean, berdinak izaten dira bai kapitaina eta bai “lotura” pertsona horiek, eta, ondorioz, hogei egunean behin kapitainak turisten sosak jasoko dituen bezalaxe, hogei egunean behin, gutxi gora behera, jasoko ditu bisitariak familia bakoitzak, eta, nolabait, diru sarrera horiek orekaz banatzen dira.
Bazkari dagokionez, jatetxe komunala dago. Herriarena da, eta astero bost lagunek (bakoitza familia batekoa) hartzen du jatetxearen ardura, bertan erdiesten den dirua banatzen dutelarik. Jatetxe horretaz gain badira beste batzuk, pribatuak, eta uhartera heltzen diren gida truistikoek agindua dute, edo gomendioa, beraien kargu dauden giriak txandaka eramateko jatetxe horietara. Ez dago komisiorik beti txiringito berera jendea eramateagatik.
Jende gehienak gau bakarra egiten du taquilen; eguerdi partean heldu, egokitu zaion familiarengana joan, pardelak utzi, bueltaxka bat eman, afaldu, lo, gosaldu, beste bueltaxka, eskulangintza konturen bat erosi, bazkaldu eta martxa.
Eta interesgarria da, dudarik gabe, baina ez da nahikoa irlaren ideia benetakoago bat egiteko. Ahal duenari gutxienez hiru-bat gau egitea gomendatuko genioke.
Gu Alicia eta Calistorenera eraman gintuzten. Etxeak bi zati zituen, nabarmen; beraiek bizi zirena, eta gure gelak. Gure gelak eta jangela oso xumeak ziren, baina luxua beraienarekin alderatuz. Lau semealaba (zaharrenak beste gela batean zuen bere gotorlekua) eta gurasoak gela handi bakarrean egiten zuten lo, etxekolanak, bertan zituzten arropak… beste gelatxo batean sukalde koxkor bat zuten, eta beraiek bertan egiten zituzten otorduak. Azken finean, gu turistak ginen eta turista bezala hartu gintuzten. eguzki plaka txiki parea zuten argindarra erdiesteko, eta eguzkia joan ondoren bizpahiru ordurako soilik ematen zuen bateriak.
Ur gezaz inguraturik badaude ere, komunitate honetan ez zuten ur korronterik. Bi egunean behin, Calistok ur ertzeraino egin behar zuen eta 25 litroko bi ontzi bizkarreratu eta etxera igo (dezente igo, gainera, 50 kilo gainean eramanda). Kontu horretan badira alde batzuk, izan ere, kaxkoa dagoen komunitateak eta kai nagusiena duenak, gutxienez, diru gehixeago du, turista gehiago pasaten baita bertatik. Ondorioz komunitate batzuek badute deposito bat eta ur-punpa bat. Eta kanila etxean.
Turismoaz gain, beste diru-iturria artileaz egindako eskulanak dira. Nolabait esateko, uharteko emakume guztiek iruten dute, eta uharteko biztanle guztiek, izan gizon, izan emakume lantzen dute hari hori. Xelebrea da bikoteak ikustea, pasioan, emakumea iruten eta gizona ehuten, ibiltzeari utzi gabe. Lan ezberdinak egiten dituzte batzuk eta besteek, gizonezkoek txanoak, txalekoak, atorrak, gerrikoaren zati bat… eta emakumeek haria, ehunak, gerrikoaren beste zatia… Horren kontura, esan behar unescok gizateriaren ondare gisa diola aitortua uharte honi lan, tradizio, kultura hori.
Horretaz gain lurra ere lantzen dute; baba, artoa, patata eta oka (azenarioa eta patataren arteko zain bat) egiten dituzte. Uhartea harri kozkor bat da, eta leku gutxi dira lantzeko modukoak, baina modu batean edo bestean, egiten dute. Batez ere ur ertzean.
Gure egonaldiari dagokionez, aurreneko gau “ofizialaz” gain, bi gau gehiago egin genuen, eta familia eta uhartea hobeto ezagutzeko aukera izan genuen. Arestian idatzitako guztia kontatu ziguten. Afalorduan izaten ziren hizketaldiak (Calistorekin zuzenean, eta Aliciarekin zeharka, ia ez baitzekien espainieraz. ketxueraz egiten zuen), beraien sukalde xumean, zopa eder batek lagundurik.
Edonola ere, hemen idatzi daitekeena sekula ez da nahikoa izango. Aukera duenak egin dezala hara txangoa (Amantany baino interesgarriagoa, hori bada ere turoperadoreek eskaintzen dutena).
































































































